XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Seme-alaba bort haiek legearen aurrean libroak ziren, baina ez ziezaieketen agur esan beren aita zuriei, eta ez zitezkeen haien ondoan eseri, dadin elizan edo ostatuan; elkarganik bereiz egon behar zuten antzokian edo festetan, zer esanik ez irlako gobernuan!

Bai eta are, beren aita zuriei adinako herra zieten beren ama beltzei, beltzak zirelako, eta esklabuak!

Azken hauetatik, esaten ahal da zazpiehun milatik gora ere bazirela kainabera, kafe edo kotoi ordokietan beren bizia higatzen zutenak, eze esklabu besterik ez ziren.

Baina denbora aurrera ahala, urruneko etxalteetaraino ere iritsi zen zuribeltzek aldarrikatzen zuten hitz hura: Libertatea.

Afrikako beren hizkuntza nahasiez landa hiru hitz besterik ez zekitelarik, pé pas, coné pas, je pas ezin dut, ez dakit, ez dut, esklabu beltzak libeté oihukatzen hasi ziren;

hirietan giroa zenbat eta nahasiago, landetako etxalteetatik gero eta esklabu gehiago joaten zen ihesi;

uztak, biltegiak eta kolonoen etxeak erre ondotik, Caiman edo Madeleine mendietara ihes egiten zuten, eta, Afrikako beren bizimoldera bihurturik, buruzagi zenbaiten inguruan bizi ziren.

Noizean behin mendiotatik jeitsirik, eraso egiten zieten hirietako auzo, herriska eta etxalte isolatuei.

Hainbesterekin, Pariseko berriak jakin bezain laster zuribeltzek ahal izan zuten leku guztietan atera zituzten beren errejiment herritarrak eta nagusitu egin ziren hegoaldeko hirietan, haiek baitziren antolatuak ziren bakarrak.

Cap-Français, Marmelade, Ennery, eta orokorrean kolono zuriak nagusi ziren aldeetan, ordea, erregeri fidel, irlako gobernariak bere soldaduekin buru egin zien erreboltariei, eta ez zuen etsi; areago dena, gudaloste berriak altxarazi zituen zuribeltzen kontra kolonoek bolondreski eman nahi zituzten esklabuekin.

Louvertoure haietarik izan zen.